Realeko fitxaje berriak ikusteko aukera izango da larunbatean, Zarautzen

Realak kilometroen alde jokatuko du larunbatean Zarautzen, Astin, 19:00etan. Fitxaje berri ugari egin ditu, eta horiek ikusteko aukera izango da, Joseba Ibarburu Realeko presidenteordeak  Zarautzen azaldu duenez. Agerraldia egin du Ibarburuk, Iñigo Ameztoi Zarauzko ikastolako lehendakariarekin eta Belen Murua zuzendariarekin batera, ikastolan. Izan ere, Realak kilometroen alde jokatuko du larunbatean Zarautzen, Racinen aurka.
Realak ikastolekin eta euskararekin duen atxikimendua azpimarratu du Ibarburuk. Horren erakusle da aurten bi partida egingo dituztela ikastolen alde: bata, Zarautzen; bestea Donibane Lohitzunen, abuztuaren 11n.  Espainiako Kopa irabazi zuten Realako neskek, eta horiek izango dira Donibane Lohitzunen. Ibarburuk aurreratu du partida hori, eta gaineratu du fitxaje guztiak ez daudela itxita; egon daitezkeela gehiago.
Muruak eta Ameztoik Ibarbururi eskertu diote Realak kilometroen alde jokatzea. Muruak gogoratu du mende erditik gora igaro dela euskarazko hezkuntzaren aldeko apustu sendoa egin zutenetik ikastolek, eta ildo pedagogikoan berritzaile izaten segitu nahi dutela gaineratu du. Kilometroetan jasotako laguntza horretara bideratuko da. Ameztoik azpimarratu du euskaraz eta Euskal Herria dituela ardatz ikastolak: “Hezkuntza proiektu bakarra da hori eskaintzen duena”. Horretaz gain, gogoratu du Reala-Racin partida antolatzeko atzeko lan handia dagoela, eta kasu honetan ere, auzolana ezinbestekoa dela hau aurrera ateratzeko. “Ikastolen filosofiaren beste ardatza hauxe da, auzolana”.
Gogoratu dutenez, sarrerak salgai daude Zarautzen, Txiki-Politen, Eguzkin, Joen eta Gurian, eta bestela, egunean bertan lortu ahal izango dira. 17:00etatik aurrera irekiko da lehiatila.