“Esker ona baino ez daukat Zarautzi. Nigan konfiantza jarri zuten lehenak izan ziren”

Kilometroen alde jokatuko du Realak. Zein mezu helarazi nahi duzue?
Kilometroak gure gizartean aspalditik uztartua dagoen festa da, eta Reala, Gipuzkoako erreferente nagusitako bat den heinean, beti dago gure ikastolen aldeko jaiaren alde. Egun polita izaten da, eta beti gaude prest gure laguntza emateko Kilometroen alde.

Zein da zuen lan hizkuntza, jokalari euskaldunekin euskaraz egiten duzue?
Kontuan hartu behar da herrialde desberdinetako jokalariak ditugula, eta ez dugula hizkuntz bakarra erabiltzen. Hala ere, euskaldunak diren jokalariekin euskaraz egiten dugu, noski.

Zure jokalari garaiko aldagela baino euskaldunagoa al da gaur egungoa?
Antzekoa. Euskarak beti izan du lehentasuna aldagelan. Egia da garai batzutan bestetan baino jokalari euskaldun gehiago dagoela, baina orokorrean egungo gazte gehienak euskal hiztunak dira.

Aurten lehen mailan dauden bost taldeetako entrenatzaileak euskaldunak zarete. Eragingo al du horrek agerraldietako hizkuntza joeretan?
Ez dakit beste klubek zer egingo duten, baina nik agerraldi guztiak euskaraz hasten ditut. Dena den, bost entrenatzaileak euskaldunak izatea harro egoteko modukoa da.

Aurreradenboraldiko partida bat Zarautzen jokatuko duzue, zelai txiki batean, punta- puntakoaez den batean. Eskertuko duzue zaleen gertutasuna, ezta?
Plazer handia da Gipuzkoako herrietan jokatzea. Herrietako zaleek ez dituzte aukera asko jokalariak gertutik ikusteko eta horrelako partidek hau ahalbidetzen dute. Partida hauetan zaleak hain gertu izatea eta beraien berotasuna sentitzea oso polita da.

Gustatzen zaizue Gipuzkoako herrietara jokatzea joatea?
Noski, beti da berezia. Reala gipuzkoar guztion taldea da, eta hori nabari udaran, lagunartekoak jokatzera joaten garenean, edota denboraldian zehar herriko zelaietara entrenatzera joaten garenean. Aurreko denboraldian Mutrikun eta Villabonan izan ginen, jendetza izugarria gerturatu zen eta hori eskertzekoa da.

Orion eta ondoren Zarautzen eman zenituen lehen urratsak entrenatzaile bezala, eta urte batzuk beranduago Realeko gizonezkoen 1. mailako entrenatzaile bezala itzuliko zara Zarautzera. Zein burutazio eragiten dizu?
Lehendabizi, esker onekoa. Beraiek izan ziren nigan konfiantza jarri zuten lehenengoak, eta hori ezin da ahaztu. Hasierako pausoak eman nituen, bizitza bi herri hauen artean egiten dut. Etxera itzultzen naiz.

Zein helbururekin ekingo diozue denboraldiari?
Abuztutik maiatzera sailkapen helburu bat jartzeak ez du askotarako balio, egunerokoan dago gakoa. Aurreko denboraldian ez genuen nahi izandako erregulartasun hori lortu astetik-astera, horretan jarriko dugu arreta guztia. Maila altuan lehiatzeko kapazak garela erakutsi dugu, erregulartasun puntu hori lortuta gauza politak egingo ditugu.

Taldea asko gaztetu duzue. Zein traza hartzen diozu?
Jokalari gazteekin lan egiteko ohitura badaukat, urte asko eman ditut Sansen eta harrobiko taldeekin. Talde barruan esperientzia handiko jokalariak ditugu, eta etorri berri diren gazteei laguntzeko prest ageri dira lehen egunetik. Hala ere, Isak Borussia Dortmundetik dator eta Odegaard Real Madrideko jokalaria da, biak internazionalak beren herrialdeekin.

Racing igo egin da aurten. Nolako partida espero duzue?
Racing ez da arerio erraza izango. Aurreko urtean maila bikaina eman zuten Bigarren B Mailan eta maisuki igo ziren. Jordi Figueras, Alvaro Cejudo, David Barral... denok ezagutzen ditugun jokalariak dira eta estu hartu behar izango ditugunak partidan zehar. Hala ere, udarako partida hauen helburuak garaipenetik haratago doaz. Lesiorik ez izatea eta konpetizio erritmoa hartzen jutea dugu buruan.