EKINTZA PUBLIKO GUZTIAK ATZERATUTA

Koronabirusaren aurrean zehazten ari diren neurriak jarraituz, 2020ko Kilometroak jaiaren bueltako ekintza publiko guztiak atzeratzera erabaki du antolakuntza batzordeak. 

Atzoko agerraldian iragarri genuen moduan, Kilometroak 20 festa nagusia urrian izango bada ere, ikastola buru-belarri ari da urte osorako ekintzak antolatzen. Ekintza horietako bat martxoaren 23tik apirilaren 6ra egingo zen Tolosaldeako Milimetroak festa izango zela nabarmendu genuen.

Egitasmo horretan parte hartu behar zuten partaideen osasuna bermatzeko, eta Eusko Jaurlaritzak zehaztu dituen neurriak jarraituz, Tolosaldeako Milimetroak jaia atzeratzea erabaki dute Anoeta, Laskorain, Irura, Uzturpe eta Zubimusu Ikastolek. Data berria zehazten denean jakinaraziko da berriz ekintzak noiz egingo diren.

Tanta salmenta eta denda

Horrez gain, Kilometroak jaiaren aldeko TANTA boletoen salmenta egiteko antolatutako irteerak bertan behera geratuko dira datozen bi asteetan.

Berdin dendako irteerak ere. Datozen bi astetan ez da salmenta irteerarik egingo, eta Villabonako denda ere itxita egongo da. Webguneko on line salmenta bidez egindako eskariak, ordea, kudeatuko dira eta zerbitzua indartu egingo da.