Iritzi artikulua

%user(r)en irudia
Nahikari Gabilondo
Itzultzailea, bertsolaria eta ikastolako gurasoa

'Jauzi eginik GUra'

2019-10-10

«Itsasotik zeruraino, urdinean urdinago...» hasten da 2019ko Kilometroetako abestiaren letra. Halaxe igo ziren euri-tantak ere igandean, eta halaxe jausi ziren bueltan, festan parte hartu gabe geratu nahi ez zutelako. Baina ez zuten festa zapuztu. Leloa moldatuta, «Ni, hi, hura» behar zuena «Ni, hi, URA» bihurtu, eta umorez jarraitu genuen festan.

«Herria dut, herria naiz ikastolatik harago!» Herri bat garelako, udalerriez, ikastetxeez eta hezkuntza publikoaz eta pribatuaz harago. Eta herri izan ginen igandean ere. Herri sentitu ginen berriz, eta harro sentitzen gara.

«Ni naiz abiapuntua, ni naiz hitzaren arnasa...». Ez baita helmugarik abiapunturik gabe. Abiatu ginenean, helmuga genuen helburu. Urriaren 6a. Baina hara zer diren gauzak, ohartu gara gure benetako saria ez dela helmuga bera izan; helmugak helmuga eta emaitzak emaitza, bidea izan da ase gaituena, eta ez helmuga bera. Eta hori da, hain zuzen, harro sentiarazi gaituena.

Lan asko egin da urtebetean. Isileko lana. Auzolana. Ezin jakin zenbat bilera egingo ziren guztira. Lorik gabeko zenbat gau igaroko zituzten askok eta askok. Beren lantokietan zenbat opor-egun eskatu behar izan dituzten beste askok, auzolanean jarraitzeko. Zenbat haserrealdi eta adiskidetze izango ziren. Sentimenduz mozkortutako zenbat mezu idatzi eta jaso ditugun egun hauetan. Zenbat afari etorriko diren orain. Eta zenbat harreman berri sortu diren bide honetan.

Urtebeteko bidea izan da, baina azken asteak bereziki emankorrak izan dira auzolan horretan. Beti izan da norbait lanerako prest azken orduan hutsuneren bat sortu den lekuan. Beti izan da norbait erabakiak hartzen laguntzeko edo auskalo nora auskalo zeren bila joateko. Eta beti izan da irribarre bat nekeak eta kezkek eragindako begi-zuloen azpian ere.

Osatu dugu bidea, eta orain jaso dugu ase gaituen sari hori: GU garela ohartu baikara. Bai, «Ni, hi, hura... jauzi eginik GUra...». Oharkabean egin dugu jauzi hori. Ni, hi eta hura guztiak albora utzita gu izaten asmatu dugu, eta bide honetan alboan izan dugunetariko bakoitzarekin gu sentitzen ikasi dugu. Baita gu hori nor garen ere. Ikastola osatzen dugun familia honetako kideago sentitzen lagundu digu bide honek. Izerdiak izerdi eta nekeak neke, «pena; amaitu da bidea» sentitzen.

Baina bidearen amaiera sentimendu horren abiapuntu ere izan liteke, eta hala erakusten dute igandeaz geroztik ikastolan gurutzatzen garenean sortzen diren begiradek eta irribarreek. Pasatuko da sentimendu-mozkorraldia, pasatuko dira urria, azaroa, baita abendua ere, baina hor jarraituko du gu horrek. Eta gu hori, auzolan hori, erakutsi nahi diegu gure seme-alabei ere.

«Patinetez, bizikletaz edo eskutik helduta, irten gaitezen mundura mundua zain daukagu ta!». «Zuekin munduaren bukaeraraino joango nintzateke», esan zigun igandean lanean fin aritu den batek. Berdin dio zer mundu. Berdin dio noraino. Baina elkarrekin.

«Ni, hi, hura; Ni, hi, hura… jauzi eginik GUra
Ni, hi, hura; ni, hi, hura… Ikastola mundura!».